miércoles, 29 de octubre de 2008

THE CORPORATION

Dokumental honek oso ondo irudikatzen ditu enpresa handi edo korporazioek gure inguruan dituzten ondorioak eta horiekiko duten jarrera. Korporazioen jokabidea salatzen du eta gehienok lehenagotik (batzuek gehiago eta bestek gutxiago) ezagutzen ditugun aspektu asko erakusten dizkigu. Hala ere, ez da aspergarria edo errepikakorra, haietan sakondu egiten duelako eta arazo horiek guztiak batera erakusten dizkigunez, benetan duten eragina, boterea eta arriskua ikusteko gai garelako.

Bideoa ikusterakoan, gure gizartearen deshumanizazioaren adibide latzena ikusten ari garelako sentsazioa izan nuen, batez ere korporazioetako kargu altuek edo beraientzako lan egiten dutenen elkarrizketak entzutean. Esaten duten guztian gogor sinesten zutela ikus daiteke, nahiz eta astakeriak zirela iruditu niri. Izugarria iruditu zitzaidan burtsan inbertitzen duen gizon bati egindako elkarrizketa. Berak dioenez, burtsan dabiltzanak, gatazka politikoak edo gerrak gertatzen direnean etekinak baino ez dituzte ikusten, hauek lehengaien merkatua bultzatzen dutelako.

Korporazioa, gizabanakoek bezala, eskubideak dituen erakunde bat da, baina legearen aurrean pertsonok izan ditzakegun oztoporik gabea eta guztiz amorala. Legeak egin diezaiokeen bakarra multak ipintzea da, baina gehienetan etekin handiagoak izaten dituzte multak ordainduta legea beteaz baino.

Etika alde batera utzi eta etekinak dira beraien helburu bakarra. Pertsonak, animaliak, ingurugiroa, haurrak…, nahiz eta hauetako edonor kaltetua izan, ezinezkoa da enpresa hauek gelditzea.

Espero dudana da gizarteak enpresek izan duten bilakaera berdina ez izatea.

No hay comentarios: